Frantses nazionalismo

Frantses nazionalismoa Frantziaren kultur eta politika batasunaren alde egiten duen ideologia da. Nazionalismo hori hertsiki lotuta dago Frantziako estatu zentralista modernoaren ezarpen eta goraldiarekin, eta atxikia du frantsesaren aldeko estatu barruko hizkuntz uniformizazioa eta hedakuntza. 1789ko Frantziako Iraultza jarri ohi da haren hasiera urtetzat: geroko beste nazionalismo batzuen eredu bihurtu zen, tartean espainiar nazionalismoarena. Frantses nazionalismoak legea egiten du nazioaren iturri, tokian tokiko herri eta nazio ezaugarrien gainetik.

Askatasuna herriaren gidari, Eugène Delacroix

Frantziako Iraultzan, agintari iraultzaileek laikotasun, aurrerabide eta zibilizazioaren ideia zabaldu zuten. Legean oinarritutako estatu nazionalismo horren mugarria Napoleon Bonaparteren Kode Zibila izan zen, Europa hegoaldean eragin handikoa. Pixkanaka "liberté, fraternité, égalité" goiburua nagusitu zen frantses nazio idealari loturik. Zibilizazioaren ideiak hauspotu ditu Frantziaren estatu ekintzak, eta ekintza horiek frantsesezko hezkuntzan zein arlo militarrean zehaztu ditu, herritarren nahitaezko soldadutza ezarriz. Egungo frantses nazionalismo mota Frantzia-Prusia Gerraren ondoren zabaldu zen, Hirugarren Errepublikan.

XIX. mende amaieran, bada, frantses estatu nazionalismoa puztu egin zen, Alsazia-Lorrena eskualdea Alemanian sartzeari loturik; ezkerreko indarren eraginpean, bestalde, estatu frantsesak bere egin zuen laikotasuna, estatuaren eta Elizaren arteko banaketa, 1905ean guztiz gauzatua. Paris eta frantses hizkuntza erdigune zituen asmo zibilizatzaile horretan, Jules Ferryren programa nabarmendu zen, hezkuntza nahitaezko eta doako bihurtuz.

Asmo zibilizatzaileari loturik, Frantziak gerra inperialistetan eta kolonizazioan parte hartu eta sustatu zuen. 1950-60ko hamarkadetan, frantses nazionalismoa Indotxinan eta Aljeriako Gerran hezurmamitu zen nabarmenen eta gordinen. Frantziaren estatu nazionalismoak barne eta kanpo kohesioko hainbat irudi arrakastatsu sortu ditu, hala nola La Marseillese ereserkia, hiru koloreko bandera, hexagonoa, eta antzinako galiarrekiko identifikazioa. Gaur egun, frantses nazionalismoa maiz jakobinismoaren sinonimotzat erabiltzen da.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search